Lanbide Heziketako 50 ikastetxetako ikasleek garatutako 350 ikasenpresa proiektu aurkeztu dira, guztira 1.800 ikasle eta irakasle elkartu dira.
Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza bultzatzeko helburua duen ekimena da Ikasenpresa, ikastetxeetan enpresak sortzen aritu dira lehenengo hiru hilabeteetan.
Aurreko bi urteetan ez da ediziorik ospatu eta aurten gogo biziz aritu dira ikasleak beren proiektuak prestatzen. Normaltasuna berreskuratu da berriro pandemiaren ondoren, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 1.800 ikasle inguru elkartu dira. Aurten XII. Ediziora iritsi den azoka gaur goizean egin da Eibarren. Jon Labaka Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren baitakoa) zuzendari exekutiboak azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du eta, ondoren, ikasleen postuak bisitatu ditu.
Goizeko hamarretatik ordu batak bitarte iraun du ekitaldiak Untzaga Plazan eta Txantxa Zelain prestatutako karpetan, Ikasenpresa programaren baitan garatu dituzten produktu eta zerbitzuak erakutsi dituzte. Tknikak antolatzen du urtero azoka, Eibarko Udalaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioan 350 proiektu aurkeztu dira. Ekimenean parte hartzen duten Lanbide Heziketako 50 ikastetxeetatik bertaratutakoak izan dira guztiak, askotariko arlo edo sektoreetakoak. Ikasleek aurkezten dituzten negozio-ideiak ikasten ari diren lanbide-arloarekin harreman zuzena izaten dute. Aurkeztu diren proiekturik gehienak honako arlo hauetakoak izan dira: Jarduera fisikoak eta kirolak, Industrialak, Irudi pertsonala, Ostalaritza eta turismoa, Informatika, Diseinua, Gizartearentzako zerbitzuak, Arte grafikoak, Nekazaritza eta arrantza, Informatika eta Zerbitzuak.
Gaur Eibarren ikusgai izan diren produktu eta zerbitzuetako batzuen adibideak, berriz, honako hauek dira: kalistenia-zirkuitua, bizikletak bizikleta elektriko bihurtzea, estetika eta ongizateko zerbitzu integralak, marketing aholkularitza edo ibilgailu klasiko eta historikoentzat pieza deskatalogatuak egitea (eskaneatzea eta 3D inprimaketaren bidez)
Don Boscotik hainbat proiektu erakusgai jarri dira: hidrogenerak, robot garbigailu industriala, patineterako usb- a, bizikletak eta barbakoak.