Reforest proiektuaren baitan, Don Bosco Errenteriako et Salesianos Iruñeko ikasleak, baita Tolosako Labpaper-eko arduradunak ere, Malerrekara hurbildu ziren ostiral goizean.
Malerreka Common Zerbitzuak (MCZ) gizarteratze eta laneratze mikrokoperatibak harrera egin zien Doneztebeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuko instalazioetan. Bertan, kooperatibaren esperientzia ezagutu eta ekintzailetza kooperatiboaren inguruko dinamika bat garatu zuten. Dinamika horretatik, arazo zehatzak konpontzeko helburua duten zazpi enpresa-ideia sortu ziren.
Ondoren, Doneztebe eta Elgorriaga lotzen dituen Uraren Bidetik, MCZko paper tailerrean Arritxu Bidasororen eskutik landare-zuntzekin egindako artisau-papera nola egiten den ezagutu ahal izan zuten, eta Erreroa etxean instalatuta dagoen iratze eta paper-egiteari buruzko erakusketa bisitatu zuten.
Reforest baso-hondakinetatik zelulosa lortzean oinarritutako proiektu kolaboratiboa da, inprimaketa funtzionalaren bidez ontzi adimendunak fabrikatzeko helburuarekin. REFOREST 4.0 proiektuak ikerketa aplikatua, transferentzia teknologikoa eta berrikuntza irekiaren metodologiak uztartzen ditu lanbide heziketako zentroen (Salesianos Iruña eta Don Bosco Errenteria), erakunde teknologikoen (Tolosako Labpaper eta BCMaterials) eta sektoreko enpresen (MCZ) artean.
Tinten garapen jasangarriaren, tenperatura eta hezetasun-sentsoreen eta material biodegradagarrien bidez, ekonomia zirkularrarekin eta lehen sektorearen digitalizazioarekin bat datorren ekoizpen-eredu bat bultzatzen da.
Proiektu hau Hezkuntza Ministerioak finantzatzen du Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.
